WORKinn Talent Hub-ek talentua eta enpresak elkartuko ditu BEC-en

Ekainaren 3tik 7ra egingo da, 2024ko BIEMH azokarekin lotuta

WORKinn Talent Hub, industria arloko talentuaren eremu integrala, ekainaren 3tik 7ra egingo da Bilbao Exhibition Centre-n, BIEMH azokarekin batera. Beste urte batez, ekimenak lotu egingo ditu sektoreko enpresa liderrak eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren profesional eta ikasleak.

Lan eta prestakuntza eskaintza zehatzez gain, manufacturing-eko soluzioak aurkezteko Inspire eremua aurkituko dute bertaratzen direnak, bai eta Industry & Art gunea, industria eta sorkuntza lotzeko puntua.

WORKinn Talent Hubek etorkizunera begira dagoen topagune estrategikoa eskainiko die enpresei, unibertsitateei, lanbide-heziketako zentroei, garapen- eta enplegu-agentziei, aldi baterako laneko enpresei, hautaketa-enpresei, ikasleei eta profesionalei.

Enplegu-foroa: ekainak 5 eta 6

Hilaren 5ean eta 6an izango da enplegu-foroa. Formatu dinamikoan eta bisualean, bertan bilduko dira ikasleak, langabezian dauden profesionalak, lan-baldintzak hobetu nahi dituzten talentudunak eta enpresa liderrak. Enpresek premiazko dituzten gaitasunak zeintzuk diren ezagutzeko aukera izango dute bisitariek eta, gainera, dozenaka enpresetako giza baliabideetako arduradunekin elkarrizketak egingo dituzte. Iaz, 100 lan-eskaintza baino gehiago aurkeztu ziren Foroan, eta agerian uzten du horrek industriak irtenbide profesional ugari, eta anitzak, dituela gizon zein emakumeentzat.

Dagoeneko, Estatuko hamar komunitate autonomotako ikasle eta irakasleek eskatu dute bisita, BIEMH eta WORKinn gertu-gertutik ezagutzeko. Talentu hori, batez ere, lanbide-heziketako zentroetatik, unibertsitateetatik eta bigarren mailako irakaskuntza-institutuetatik iritsiko da eta, besteak beste, hurrengo ikasketak egiten ari da: Mekanizazioa, Mekatronika Industriala, Mantentzea, Elektromekanika, Metalgintza, Fabrikazio Mekanikoko Diseinua, Prozesu Industrialekin lotutako Eko-Teknologiak, Instalazioa, Soldadura, Galdaragintza, Produktu Garapena, Automatizazioa, Elektronika eta Kontrol Industriala, Fabrikazioa eta Muntaketa eta Teknologia Biomedikoak.

Inspire eta Industry & Art

Azokak irauten dituen bost egunetan zehar bisitatu ahal izango dira Industry & Art eta Inspire eremuak. Prestakuntza eta ikaskuntza helburu duten guneak dira biak eta aukera eskainiko diete gazteei teknologia, lanabes eta teknika berriak erabili eta ezagutzeko, besteak beste, hurrengo lan eremuetakoak: makina-erreminta, errealitate birtuala, robotika, metrologia, cad-cam eta 3D inprimaketa eta industria.

Honen bidez, enpresek beren teknologia, makinak eta soluzioak etorkizuneko profesionalei gerturatu ahal izango dizkiete. Azokako esperientzia hobetze aldera, produkzio-lerroen antza duen ibilbide bat antolatuko da bertan, hurrengo estazioak izango dituena: Diseinua, Programazioa, Fabrikazio Aditiboa, Manufacturing-a, Aseembly-a eta Metrologia. Inspire eta Industry & Art zuzeneko ikaskuntzaren bitartez bokazioa sortzeko bi gune dira. Aurreko edizioan arrakasta handia izan zuten biek ala biek, eta datozen ekitaldietan ere horrela izango dela aurreikusi daiteke.

BIEMH, BeDIGITAL eta ADDITƐD

WORKinn Talent Hubek iraungo dituen bost egunetan, BECeko pabilioietan BIEMHen 32. edizioa egingo da ere eta, bertan, industria arloko eragile guztiak elkartuko dira. Testuinguru horretan, BeDIGITALen (teknologia digitalen arloko aplikazio industriala oinarri duen foroa) eta ADDITƐD en (fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimaketaren nazioarteko azoka) edizio bana egingo dira.

AFM-Advanced Manufacturing Technologies-ek eta BECek antolatzen dute WORKinn.

-ek idatzirik |2024-02-22T15:42:58+01:0022 de otsaila de 2024|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top