Gaur eguerdian izan da WORKinn Talent Hub-en Enplegu Foroaren hasiera ekitaldia, Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordea eta Teresa Laespada Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko foru diputatua buru zirela. Horiekin batera, Elena Pérez Barredo, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea; Francisco Pedraza, LANBIDEko zuzendari nagusia; Lourdes Iscar, OSALANeko zuzendari nagusia; Angel Lapuente, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria; Carlos Fernández, Barakaldoko Udaleko zinegotzia; eta Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkatea, izan dira, besteak beste. WORKinn Talent Hub-eko Event Manager Mª Carmen Gorostizak, BECeko Zuzendari Nagusi Xabier Basañezek, AFM Clusterreko presidente José Perez Berdudek eta AFM Clusterreko Zuzendari Nagusi Xabier Ortuetak eta egin diete harrera ordezkari instituzionalei.

Bere hitzaldian, Laespadak talentua erakartzearen eta sortzearen beharra azpimarratu du, “gazteria kontzeptu askotariko eta zabal” batekin lan egiteko deia eginez. “Emakumeak Bizkaiko talentuaren erdia gara. Industriak eta mundu teknologikoak gizonak baino gutxiago kontratatzen gaituzte. Gure talentua alferrik galtzen ari dira, besterik gabe, (…) eta ez gaude talentua alferrik galtzeko moduan”. Era berean, dagoeneko Bizkaian bizi diren eta “gu bezain bizkaitarrak diren” biztanleria migratzailearen garrantzia aipatu du.

Bestalde, Alfonso Gurpeguiren hitzetan “Lanbide talentua kudeatzeko punta-puntakoa izango da, horren bila dabiltzan enpresa guztiak igaroko direlako, prestakuntza ekonomia berriaren beharretara egokituko delako eta zerbitzuan erregistratuta dauden pertsona guztiak konektatuko direlako”. Halaber, Enpleguko sailburuordeak berretsi du enpleguaren inguruko eragile guztiek sarean lan egingo dutela ekonomia berriaren beharretara egokitzeko.

Elgoibarko Udala omentzeko ere balio izan du ekitaldiak. Udalak 125 urte daramatza elgoibartarrei lanbide heziketa eskaintzen, eta ohorezko plaka bat eman diote horregatik. Maialen Gurrutxaga alkateak berak jaso du plaka.

Talentua identifikatzea eta enpresei profil kualifikatuenak eskaintzea da WORKinn-en helburu nagusietako bat. Betiere, genero-berdintasunean oinarrituta, kalitatezko lan eskaintzak aurkeztuta.

Enplegu-foroaz gain, WORKinn Talent Hub-ek Inspire Gunea ere eskaintzen du, Bienalaren bost egunetan zehar. Bertan, gazteek aukera dute industriako profesionalekin elkarreragiteko eta azken teknologiarekin esperimentatzeko (makina-erreminta, errealitate birtuala, robotika, metrologia, cad-cam edo 3D inprimaketa, besteak beste).

WORKinn Talent Hub Estatuko industria enpleguaren azoka bakarra da eta aurten zortzigarren edizioa ospatuko du. AFM Clusterrek eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Lanbideren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka.