WORKinn-eko hitzaldien egitarauak enpleguarekin loturiko gai nagusiei helduko die

Enpleguaren eta Prestakuntzaren Foroa maiatzaren 31tik ekainaren 3ra izango da, BIEMHekin batera

Nola aurkeztuko dut nire burua lan-aukera bat daukadanean? Zer bilatzen dute enpresek? Nor dira XXI. mendeko profesionalak? Zein eskakizun zehatz ditu gaur egungo mundu globalizatuak? Nola optimizatu sare sozialen erabilera bilatzeko eta aurki nazaten? WORKINNeko hitzaldien egitarauak lan-munduan hasteak eragiten dituen galdera ugariei helduko die, forora bertaratzen direnei euren lanari begirako prestakuntza-prozesuan eta lan-bilaketan prestatzen eta orientatzen laguntzeko.

Hala, lau egunez, industria- eta prestakuntza-esparruarekin loturiko enpresetako eta erakundeetako hainbat profesionalek zeharkako gaiei helduko diete, enplegagarritasuna, tresna digitalak, bekak, lan-aukerak, gaitasun berriak, prestakuntza duala, programa bereziak, esperientziak atzerrian eta ekintzailetza hizpide. Orain arte, ondoko hizlariek berretsi dute foroan izango direla: Erika Mendibil, Pertsonen Sailaren Zuzendaria Fagor Arrasaten; Lourdes García, Danobatgroupeko Giza Baliabideen Arduraduna; Luis Norberto López de Lacalle, Makina-Erremintaren Gelaren Zuzendaria; Aitzol Lamikiz, EHUko Bizkaiko Campuseko Kanpo Harremanen Zuzendaria; eta Salvador Sicart, Zuzendari Nazionala Hays Responsen, besteak beste.

Aurkezpenei, workshopei, elkarrizketei eta bilerei eskainitako eremuez gain, WORKinn foroan erakusketa-gune bat izango da, ikasleak eta lana aktiboki bilatzen ari diren pertsonak zuzenean jar daitezen harremanetan enpresa eta erakundeekin, bertatik bertara ezagutu ahal izateko haien prestakuntza- eta lan-eskaintza. Gune hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta eta Fagor Arrasatek, Arisak, Danobat Taldeak, Fagor Automotionek, Euskal Herriko Unibertsitateak eta  DEMAk babestuta egongo da. Bertan, erakusketari bezala parte hartuko dute baita ere Gestampek, Matricik, Makina-Erremintaren Institutuak, Mondragon Unibertsitateak, Grupompleok, Hays Responsek, Denbolanek, Page Personnelek eta Aldalanek.

WORKinn, AFM-Advanced Manufacturing Technologiesek eta Bilbao Exhibition Centrek antolatua, Idazkaritza Teknikoan Denbolanen laguntzarekin, enplegu industrialaren lehenengo foroa izango da Estatuan. Makina-Erremintaren Biurtekoarekin batera egingo denez, oso plataforma sendoa eskainiko du, izan ere, azokak edizio bakoitzean lanbide-heziketako ikastetxe eta unibertsitate askoren bisitak jasotzen ditu, eta partaidetza-kopuruek sektorearen hitzordu garrantzitsuetakoa bihurtzen dute Europan.

-ek idatzirik |2017-03-15T12:49:53+01:0018 de apirila de 2016|Albisteak|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top